Bilboko 2023ko Aratusteen programazioa aurkeztu dugu

Jai Batzorde Mistoko kideak, mozorrotuta, gaurko agerraldian. Argazkia neurri handian hemen. (Erabilera librea edozein euskarritan. Egilea: Bilboko Konpartsak).

Aratusteen programazioa aurkeztu du gaur Bilboko Jai Batzorde mistoak, Itsasmuseum-en egindako prentsaurrekoan. Batzordearen izenean mintzatu dira Batzordearen Lehendakari Itziar Urtasun zinegotzia eta Ioritz Varona Bilboko Konpartsen Federazioko ordezkaria. 80ko urteak aukeratu dituzte gaitzat, zabal hartuta “nork bere gustuko pertsonaia, filma, arropa eta gaia aukeratuta, bere erara irudika dezala”, zehaztu dutenez.

Aurtengo aldaketarik behinenak hauek dira: Aratuste Zapatuko Mozorro Lehiaketa bi txandatan banatuko dela, banakakoak eguerdian eta arratsaldean taldekakoak; indaba eta torrada lehiaketa gastronomikoak Aratuste Igandera igaroko direla eta, Zabalgune Plazan egon ohi zen txikigunea aurten Plaza Barrira eramango dela.

Aratusteen ikonoak diren Farolin eta Zaranbolas pertsonaien rola indartu nahi du aurten Jai Batzordeak, Aratuste Ostegunean egongo den iazko eta aurtengoen arteko maskara-trukea zein ostiraleko atxiloketa eta ostean Plaza Barrian izango den epaiketa nabarmenduz. Aurten rol horietan ibiliko diren Ylenia Baglieto eta Lander Otaolarekin “barre algara ugari egingo ditugula” ziurtatu dute eledunek.

Gure arbasoentzat aratusteek zuten esanahi magikoa gogoratzen hasi dute agerraldia Jai Batzordeko kideek, eta aratusten konjuruak abuztuan Aste Nagusiaren uzta ekar dezan opatuz amaitu dute.

Programazioa PDF moduan jaitsi hemendik.


Hauek izan dira agerraldiko hitzak:

Egun on eta ongi etorri 2023ko Bilboko Aratusteen programazioaren aurkezpenera.

Zarataka eta makil kolpeka, Lurra esnarazteko deia egiten zuten gure arbasoek, oraindik neguan egonda, baina itxaropentsu, aratusteen ostean kimuak agertu, udaberrian loratu eta, azkenik, udan uzta etorriko zelako esperantzarekin. Aste honetan entzun dira Zubietan eta Iturenen joaldunen hotsak, eta bihar makilek astinduko dituzte gure hiriko baldosak, Santa Ageda bezperan. Guztiaren azpian dago aintzinakoen mezu bera, lurrari eta eguzkiaren zikloari lotua.

Bizitza pizteko jai aproposak dira aratusteak, kaotikoak, irreberenteak eta ezarritakoa hankaz gora jartzen dutenak. Gaur aurkezten dugun aratuste programazioarekin saiatu gara neguaren hotzak astintzen eta animoak biziberritzen. Hori bai, beti gogoan edukita elkarrenganako errespetua oinarrizkoa eta ukaezina dela, eta errespetu horren falta inoiz ezin izango dela ezkutatu ezelako mozorroren azpian.

Aurten 80ko urteak izango ditugu gogoan, hori izango da Jai Batzorde Misto honek aukeratu duen gaia, zabal hartuta, nork bere gustuko pertsonaia, filma, arropa eta gaia aukeratuta, bere erara irudika dezala.

Luze joko luke agerraldi honetan aurtengo aratuste-programazio osoa aletzeak. Udalaren webgunean zein Bilboko Konpartsenean eskura izango duzue, baita programazio eskupaperaren euskarri fisikoan ere, baina interesgarri eta berrienetako batzuek azpimarratzea merezi dute.

Kopla Txikien VIII. Lehiaketarekin abiatuko ditugu aratuste-ekitaldiak, otsailaren 11n, Kafe Antzokian. Izen-ematea gaur amaituko dela gogorarazteko baliatu nahi dugu aukera hau, eta Bilboko Konpartson webgunean dagoela. Kopla zirikatzaile eta umoretsu ugari entzungo dira eta, ondoren, Akatz eta Amaika Rude Sound taldeen kontzertua izango dugu.

Hurrengo astean, osteguneko kalejirak hasiera emango dio Aratusteen ikonoak diren Farolin eta Zaranbolasen parte-hartzeari. Bi pertsonaia horien rola nabarmendu nahi dugu, protagonistak izango baitira ostegun zein ostiralean. Horrela, Arriagatik abiatuko da osteguneko segizioa, 18:30ean, eta Plaza Barrian maskara trukea egingo dute, iazko eta aurtengo Farolinek eta Zaranbolasek. Hau guztia ekitaldia antolatuko duen eta bestelako sorpresak prestatuko dizkigun Orden Botxeraren eskutik datorkigu.

Ostiralean izango da bi pertsonaien atxiloketa Arriagan, eta osteko epaiketa, berriro Plaza Barrian. Ziur gaude bai Ylenia, bai Lander, estualdi honetatik duintasunez igaroko direla eta eurekin barre algara ugari egingo ditugula.

Horrekin egun handiari emango diogu paso: Aratuste Zapatuari. Aurten nabarmendu nahi dugu bi atal handitan banatu dugula mozorro lehiaketa: banakakoak eta taldeak, jende guztiaren parte-hartzea bermatze aldera.

Horrela, banakako lehiaketa (izena gorabehera, hiru kide arteko taldeak dira) zapatu eguerdian izango da, 12:30etik aurrera eta parte-hartzaileak Berastegi kalean ezarriko dugun photocall batetik igaro beharko dute. Banakakoen sariak arrastian, Plaza Biribileko eszenatokian banatuko dira, 16:45ean.
Taldekako lehiaketa, beste urte batzuetan legez, 17:00etan abiatuko da Kale Nagusitik, eta sariak Plaza Barrian banatuko dira, 20:00etan.

Aurtengo Aratuste Zapatuaren beste berritasun bat umeentzako ekintzei dagokie, Zabalgunean egoten zen txikigunea aurten Plaza Barrira eramango baita. Bertan, mota askotako jolas eta jarduerak izango dituzte goiz osoan zehar. Gainerakoan, ohi bezala, gargantua, gaiteroak, erraldoiak, fanfarriak, baserritarren merkatua, kontzertua, erromeria, zirkua eta beste hainbat gozagarri izango ditugu larunbatean.

Eta programazioaren azken aldaketa garrantzitsua igandekoa da, egun horretara eraman baititugu lehiaketa gastronomikoak. Horrela, Aratusteetako indaba eta torrada lehiaketak aldi berean izango dira. Eta horien harira, ohar garrantzitsua: aurten torradak ogizkoak izango dira soilik. Ordutegi eta oinarrien zehaztasunak bilbokokonpartsak.eus webgunean aurkitu ahal izango dituzue.

Horietxek dira aurtengo Aratusteen aldaketarik behinenak. Beti bezala, ahalik eta parte-hartze handiena espero dugu, horregatik Jai Batzorde Mistotik Bilbo osoari dei egiten diogu mozorrotu dadila, geuk gaur egin dugun legez, eta bere alderdirik alaien eta apurtzaileena erakus dezala.

Asmo onak, iragarpen onak landu ditzagun, beraz, eta Aratusteen konjuru honen bitartez, “zorioneku” izan gaitezen, izurriteek ez ditzaten gure uztak hondatu eta, abuztuan, ondobidean, gure Aste Nagusiaz goza ahal izan dezagun.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude