Etorkintza Elkargoak eta konpartsok alkohol-kontsumoaren eraginak murrizteko kanpaina berretsi dugu

Hiru urteren ostean, Etorkintza Elkargoak eta Bilboko konpartsok alkohol-kontsumoaren arriskuak murrizteko kanpaina egingo dugu elkarrekin berriro ere. Gure helburu nagusia Aste Nagusian alkoholaren kontsumoari buruzko egiazko informazioa, objektiboa eta ez moralizatzailea zabaltzea da.

Etorkintza Elkargoa eta Bilboko konpartsok bat gatoz alkoholaren kontsumoak dakartzan arriskuak murrizteko asmoan. Hala, azken urteetan erabili duten kontzienziazio-kanpaina berretsi dugu beste urte batez, Aste Nagusiari begira. Kanpainan zenbait aholku ematen dira, parrandan alkohola kontsumituko badugu kontuan izateko. Izan ere, kanpainaren asmoa argia da: informatu epaitu barik; mezua, argiagoa: ondo pasa, pasa barik.

Etorkintzaren eta Bilboko konpartsen helburu nagusiena da jendeak egiazko informazioa jaso dezan eta, ondorioz, bere erabaki propioak har ditzan. “Ez dugu inor epaitu nahi. Informatu eta aholkuak eman, besterik ez”, berretsi dugu.

Etorkintza Elkargoak gogorarazi duenez, alkohol gehiegi edo bestelako substantziak hartzearen eragin kaltegarriak murrizteko zenbait arau erraz jarraitzean dago gakoa. “Edatekotan, ondo pasatzeko edaten dugu. Horretarako munduko eszenatokirik onena da Aste Nagusia. Inork ez du txarto pasatu nahi; beraz, gogoratu beti zerbait jateaz, edan ura tartean deshidratazioa ekiditeko eta saiatu edari ezberdinak ez nahasten”, nabarmendu du elkargoak.

Horrez gain, sentsibilizazio-kanpaina horren barruan, aurreko urteetan bezala, alkohola hartzearen faseak azaltzen dituen gida txiki bat eskainiko dugu. Gida hori txosnetan izango da eskuragai, QR kodeen bidez, kontsumoari lotutako arriskuak prebenitzeko asmoz.

Konpartsok, bestalde, lehen sorospenei buruzko liburuxka handiago bat izango dugu, larrialdi momentuetan erabiltzeko diseinatu dena eta intoxikazio larrien kasuan hartu beharreko neurriak jasotzen dituena.

Azkenik, Bilboko Konpartsak federaziotik gogorarazi dugunez, “plazer eta arriskuak ezagutzean eta baloratzean oinarritutako erabaki pertsonala da kontsumoa. Garrantzitsuena norberarekiko eta besteekiko jarrera arduratsua izatea da”.

ARRISKUAK GUTXITZEKO MATERIALAK:
• Lehen sorospenen gida (pdf)
• Guía de primeros auxilios (pdf)
• Alkohol-arriskuen esku-gida (pdf)
• Manual de riesgos del alcohol (pdf)
• Kartela (pdf)
• Kanpainaren irudia (jpg)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude