Polemika sortzeko saiakeren gainetik erasoen aurkako lankidetza berretsi dugu
Atzo bazterrak nahastu zituen El Correok argitaratutako albistearen ondoren, Bilboko Konpartsen eta udalaren arteko lankidetza eta txosnek erasoen aurrean izango duten babesleku rola berretsi nahi izan dugu Bilboko Konpartsok gaur, Alkatearekin eta udal ordezkariekin Arriagan egindako agerraldian. Nekane Alonso berdintasun zinegotziak ere “informazioetan zuzentasuna” eskatu die hedabideei.
Gaurkoan Bilboko Udalak Aste Nagusi berdinzale, seguru eta erasorik gabekoaren aldeko prebentzio eta sentsibilizazio-kanpaina berria aurkeztu du, eta bertan izan da Bilboko Konpartsen ordezkaritza ere. Izan ere, aurreko edizioetan bezala, Bilboko Udalak eta Bilboko Konpartsek Aste Nagusian sexu-erasoak gertatzen direnerako aholkularitza eta jarduera-protokoloa adostu dugu, eta uriko gizarte-eragileen artean zabalduko da.
Aurkezpenean, Berdintasun Zinegotzi Nekane Alonsok “balioetsi” nahi izan du Bilboko Konpartsekin gai honetan egindako protokoloa baita “egiten urteak daramatzagun elkarlana” ere. Hedabideei eskerrak eman dizkie baina, aldi berean, “helarazten duzuen informazioan zuzentasuna” eskatu die.
Izan ere, atzokoan polemika sortu zuen El Correok azal betean argitaratutako albisteak, non hainbat informazio oker zabaldu ziren. Hasteko, Eusko Jaurlaritzak konpartsei ziztadengatiko salaketak “ez oztopatzeko” exigitu diela baieztatzen zen eta iradokizen zen, nonbait, eraso baten aurrean, edonolakoa izanda ere, konpartsek ez zutela larrialdietara joko. Konpartsek eta instituzioek erasoen aurreran nola jardun erabakitzeko jarrera kontrajarriak dituztela eta “lehenengo talka iragan asteburuan Algortako jaietan” izan genuela ere baieztatzen zen aipatutako albistean.
Horren aurrean, gaurkoan, Bilboko Konpartsen Federazioko eledun Garazi Askazibarrek eta Nerea Matutek adierazi dute Eusko Jaurlaritza ez dela “gurekin harremanetan jarri inolako eskaera edo exigentziarik egiteko”. Era berean, argi utzi nahi izan dute erasoen aurka “beti izan garela agente aktiboak”, eta jaigunean zerbait gertatuz gero, “betidanik, Bilboko Udaltzaingoarekin jartzen gara harremanetan”. Izan ere, Udaltzaingoa -eta ez Ertzaintza- izan da, Aste Nagusiaren hastapenetik, larrialdietarako adostutako erreferentzia jaiguneko segurtasunari dagokionez. Azkenik, argi utzi nahi izan dute Bilboko Konpartsek “beste herrietako txosnekin ez dugula protokolo amankomunik” eta El Correori “berri horren iturria argitzeko eta zuzenketa publikoa” egiteko eskatu diote eledunek.