Aste Nagusiko Pregoilaria eta Txupinera aurkeztu ditugu ofizialki: Itziar Lazkano eta Iratxe Palacios
Gaur goizean, Aste Nagusiaren aurreko unerik hunkigarrienetako bat bizi dugu: Itziar Lazkano Setien eta Iratxe Palacios Gana, 42. Aste Nagusiko Pregoilaria eta Txupinera, aurkeztu ditugu.
Biek ala biek komunikabideei kontatu diete nola hartu duten bilbotarren ordezkari izatea, ohorea eta harro egoteko motiboa izaten baita beti; era berean, euren sentipenak eta usteak adierazi dituzte, Marijaia etortzeko eta 2022ko Aste Nagusia hasteko 15 egun falta direnean. Izan ere, jaietako astetzarra abuztuaren 20tik 28ra ospatuko da hiriko bazter guztietan eta dagoeneko, hartarako prestatzen hasi dira. Itziar Lazkano Setien aktore eta zuzendaria zein Iratxe Palacios Gana konpartsakide eta administraria Aste Nagusiko jaien ordezkari handien historian sartu dira dagoeneko.
Euren izenak ekainean ezagutarazi ziren arren, gaur egin da aurkezpen publikoa eta horretan Lazkanok eta Palaciosek aurreneko aldiz jantzi dituzte eurei dagozkien jantziak: pregoilariak, jaka horia eta adar biko txano beltza eta txupinerak, jaka eta txapel gorriak. Jantzi horiekin ibiliko dira Aste Nagusiko ekitaldi denetan.
Pregoilaria eta txupinera aurkezteko lanak egin dituzte Itziar Urtasun Jai zinegotzi eta Jai Batzorde Mistoko presidenteak eta Garazi Askazibar Jai Batzorde Mistoko kide eta Bilboko Konpartsetako ordezkariak. Jai Batzorde Mistoko kideek eskertu dute Zazpi Kaleetako merkatarien elkarteko lana: «urtero bezala, aukera ematen du hiriarentzat hain garrantzitsuak diren bi pertsonaia horiek urtero beren galarik onenak erakusteko».
Modu berean, Bilboko Konpartsek besarkada bana bidali diete Itsasne Nuñez eta Bea Sever 2019ko txupinera eta pregoilariari: «Hiru urte pasa dira hemen aurkeztu genituenetik, inoiz ardura horietan denbora gehien eman dutenak dira biak. Pandemiak eta jaiak egiteko ezintasunak halabeharrez luzatu dielako ‘agintaldia’».
Jai zinegotziak gogorarazi duenez, Itziar Lazkano Setien aukeratu du Bilboko Udaleko Jai Batzorde Mistoak Aste Nagusia 2022ri hasiera emango dion pregoia irakurtzeko, abuztuaren 20an, larunbatean, Arriaga Antzokiko balkoitik arratsaldeko zazpiak baino minutu batzuk lehenago. Ospe handiko aktore eta zuzendaria da, eta bilbotar ospetsua ere bai, «pregoilari aukeratu dugu, bere ibilbideagatik eta kultura eta arte eszenikoak zabaltzeko egindako ekarpenagatik, Bilbon eta Bilbotik», adierazi du Itziar Urtasunek. Portugaleten jaioa, antzerkian ondutako artista da, Estatu espainiar osoan zehar ibili da bere ikuskizunekin eta hainbat sari jaso ditu aktore zein zuzendari gisa.
Halaber, Garazi Askazibarrek azpimarratu duenez, «berriz gaude hemen, konpartsok benetan NAGUSIA egin nahi dugun aste baten itzuleraren atarian. Itzulera handi horretan atsegin handiz aurkeztu nahi dugu gure txupinera. Bilboko Konpartson ordezkari dugu Iratxe Palacios Gana, Tintigorri konpartsako kidea. Txurdinagako bizilaguna da, ondo ezagutzen du Aste Nagusia, barru-barrutik eta seguru gaude ederto ordezkatuko gaituela itzulera handi horretan, Itziar Lazkano pregoilariarekin batera».
«Biak dira emakumeak eta langileak, biak dira bilbotarron ordezkariak eta biek daukate asko esateko», adierazi du konpartsen ordezkariak. Urtasunek aipatu duenez, «Aste Nagusiaz, gauez eta egunez, inoiz ez bezala biziko eta gozatuko duten bi emakume dira». Biei eskertu die «abentura handi hau onartu izana, zuen bizitza pertsonala utzi izana 9 egunez pertsonaia publikoak izateko eta bilbotar guztiak ordezkatzeko. Eta aitortu behar dut izugarri pozten nauela gure Aste Nagusiak bere aurpegi femeninoa indartzeak».
Jai “eleganteak” eta “garbiak”
Hitza hartuta, Aste Nagusi alaia opa dituzte Pregolariak zein Txupinerak. «topa egin nahi dut jai alai, errespetuzkoak eta eleganteak izan daitezen», esan du Lazkanok. Palaciosek, berriz, aurtengo jaiak «garbiak izatea» eskatu du, hau da, «inolako erasorik gabe». Emakumeak bereziki Aste Nagusira etor daitezen animatu nahi izan ditu Txupinerak: «Konpartsetatik prestatuta gaude horren aurrean, ez izan beldurrik eta etorri Aste Nagusira». Bederatzi egun hauek behar-beharrezkoak ditugula gehitu du Iratxek: «bi urte oso gogor izan dira denontzat, denok galdu dugu norbait edo zerbait, eta normaltasunera itzultzeko behar ditugu egun hauek, dena eman, ondo pasa osatzeko».