Konpartsok nekazariak babestuko ditugu, San Tomasen egon ez arren
Aurten ere Bizkaiko nekazariek ezin izango dute San Tomasen beraien azoka nagusia antolatu, horrek ekarriko dizkien kalteekin. Egoera horretan, Bilboko Konpartsok ez dugu presentziarik izango Bilboko Areatzan: “Baserritarrik gabe, ez dugu ikusten egun horretan sukaldaritza eta kultur programaziorik antolatzea”.
Konpartsok gure elkartasuna adierazi diegu “urte osoan zehar kalitatezko eta sasoiko produktuen ekoizle direnei”. Ildo horretatik, Bilboko Konpartsok gure apostua berretsi dugu lehen sektorearen alde eta gure ekarpen xumea egin nahi dugu. Horregatik, urtero San Tomas egunaren harira argitaratzen dugun egutegiaren etekinak Etxaldeko Emakumeei emango dizkiegu aurten.
Etxaldeko Emakumeak baserritarren talde irekia da, landa eremuko emakumeekin eta elikadura burujabetzarekin bat egiten duena. Beraien lan filosofia agroekofeminismoan oinarritzen da, nekazaritza munduan feminismoa txertatuz.
Konpartsok deitzen dugu babestera jai herrikoiak, parte-hartzaileak, feministak, euskaldunak eta ekologistak zein lehen sektorea eta elikadura-burujabetza, eta baita zerbitzu publikoak defendatzera ere. Izan ere, “bertoko ekoizle txikien elikagaiak kontsumitzeak garrantzi handia izango du babesteko ingurumena eta gure inguruko herrietako bizitza sozio-ekonomikoa eta linguistikoa”.