Gora Txosnagane! ekimenaz udako kultur-programazioa abiatuko dute Bilboko konpartsek

Bilbo, 2021/06/01
Bilboko Konpartsak federazioak oxigenoa eskainiko diegu bilbotarrei aurtengo udan antolatuko dugun lehenengo ekimenean, Gora Txosnagane!-n. Covid-19ren oinazearen eta konfinamuenduetako nekearen ostean, jai-eragileak bizitza, kirola, kultura eta Bilborekiko zein komunitatearekiko konpromisoa eskainiko diegu hiritarrei, Bilbori irria berreskuratzen laguntzeko. Hala, Txosnagane mendi-igoeraren IX. ekitaldiari ekingo diogu aurten ere, ekainaren 12an, eta dagoeneko zabalik dago mendizale guztiek izena emateko epea.
Osasun-neurri zorrotzak beteko ditugu, Gora Txosnagane!-n, elkar-zaintzatik abiatuta. Hori dela eta, bikotekako ibilaldi neurturako izen-ematea gure webgunean egin beharko da, ekainaren 8ra arte edo lekuak amaitu arte. Aforoa 150 bikotera mugatuta dago eta bikoteak modu mailakatuan irtengo dira, hainbat abiapuntutatik; ibilbide luzea edo laburra hartuko dute eta helmuga ezberdinetara helduko dira ere. Ekimena erabat doakoa da.
Txosnagane tontor umila da, mendizale bilbotarrek eta ingurukoek maite dutena: Biderdi, Ganetxiki eta Larrentxu izenekin ere ezagutua, Pagasarri eta Ganekogorta artean dagoen mendia da eta 877 metroko altuera du. Bertako ibilaldi neurtua ondo pasatzeko eta naturaz gozatzeko ekitaldi ez lehiakorra da.

Urte bat programatu gabe
Ia urte oso bat pasa da Bilboko konpartsok azken aldiz modu analogikoan programatu genuenetik eta gogotsu gaude bide aurrez aurrekoa berreskuratzeagatik, beti ere denon osasuna aurretik ipinita. San Juan bezperarako ere agindu dugu antzezpen indartsu batez gozatu ahal izango dela; eta abuztuaren amaierarako ezustekoak egongo dira. Konpartsok aldarrikatu dugu kultura arnasgunea dela eta izaera kolektiboa ilusioz eraikitzeko ezinbestekoa dela.
Emandako urte horretan, ekimen horiek prestatzearekin batera, barne-hausnarketa sakon bati ekin diogu konpartsok, Bilbo zertan aldatu den atzeman eta jai herrikoien mugimendua indartzeko, bestelako herri-mugimenduekin elkarlana sustatu eta ehun-sarea zabaltzeko. Besteak beste, konpartsok lan egin dugu osasun publikoaren alde, kulturgileen alde, bizi baldintza eta pentsio duinen alde, elkartasun-sareen alde eta Bolintxuren alde.

Gora Txosnagane!-ren datuak

izena eman

 

IZEN-EMATEA NAHITAEZKOA da eta egin daiteke ekainaren 8ra arte edo lekuak agortu arte

IBILBIDEAK: Bi ibilbide izango ditugu, ohiko ibilbidea eta beste bat laburragoa.

Ibilbide Laburra (13,6 KM, goranzko desnibela 582 metro), ibilde laburra ez da Txosnaganera heltzen.
Ibilbide luzea (19,17 KM, goranzko desnibela 967 metro)

Parte hartzeko irizpideak

  • Izena ematea soilik gure webgunearen bidez izango da.
  • Izena ematean formularioko datu guztiak bete behar dira.
  • Bikoteka apuntatu behar da, eta ibilbide osoa bikoteka egin (kontrol postuetatik biek batera pasatu behar dute)
  • Partehartzaileen gehienezko kopurua 150 bikote izango da. Zerrenda betetzen denean izen-ematea itxiko dugu.
  • Irteerak
    • 8:15 – 8:30 Ohiko ibilbidearen dokumentazio jasotzea
    • 8:30 – 9:30 bitartean ibilbide luzearen irteerak San Adrianetik. Azken irteera gehien jota goizeko 9:30ean izango da. Irteeren aldizkakotasuna parte hartzaile kopuruaren arabera zehaztuko da.
    • 9:15 – 9:30 Ibilbide laburraren dokumentazio jasotzea
    • 9:30 – 10:15 bitartean ibilbide laburraren irteerak San Adrianetik. Azken irteera gehien jota goizeko 10:15ean izango da. Irteeren aldizkakotasuna parte hartzaile kopuruaren arabera zehaztuko da.
  • Helmuga: Enkarnazio Plaza (Atxuri). 14:30etan kontrola itxiko da parte-hartzaile guztientzat.
  • 14:45ean sari-banaketa.

Egunean bertan

  • Dokumentazioa goizeko 8:15 – 8:30 tartean jaso ahal izango da ohiko ibilbidearentzat (ibilbide luzea) eta 9:15 – 9:30 ibilbide larburrarentzat, irteera lekuan.
  • Kontrol postu guztietatik pasatu behar da. Anoa postuan heltzeko eta irtetzeko orduak hartuko dira, bertan egoten den bitartean denboraren neurketa geldituko delarik
  • Anoa postuan oinarrizko botikina egongo da.
  • Iturriak ibilbidean zehar eskasak dira beraz ez ahaztu ura eramateaz. Bestaldetik, kontutan izan edozein mendi martxarako hartu beharreko gomendioak (eguzki krema, txubaskeroa, arropa egokia…)
  • Bikote irabazlea izango da partehartzaile guztien bataz besteko denborara gehien hurbiltzen dena.

Ez da izango paseoa baina primeran pasatuko dugu.
ANIMA ZAITEZTE PARTE HARTZERA!! ETA MENDIA ERRESPETATU!

LAGUNTZAILEAK: Atxuri gorri, Aixemendi , Kalderapeko eta BM

izena eman

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude