Bilboko Konpartsok uste dugu ez dagoela osasun-baldintzarik Bilboko Aratusteak antolatzeko.

Hemen bildu gara, Arriaga Antzokiko plazan, egutegiek diotelako 50 egun falta
direla Bilboko Aratusteetako programazioa hasteko, eta hauxe delako azken
urteotan irriz, kolorez, kantuz, ironiaz, aldarrikapenez, jolasez, mozorroz eta
belaunaldi denetako parte hartzeaz eraikitako inauterien ohiko amaiera-puntua,
Sardinaren erreketa dela medio.
Agerraldi honen helburua da bilbotarroi azaltzea Bilboko Konpartsok uste dugula
ez dagoela osasun-baldintzarik 2021eko otsailaren 6a eta 16a bitartean Bilboko
Aratusteak antolatzeko, prebentzio-irizpideei eta elkar-zaintza filosofiari jarraiki.
Beraz, gure proposamena da Inauteri horiek ez egitea, modu presentzialean
bederen. Ildo horretan, zail ikusten dugu Aratusteen balore nagusiak diren kritika
sozial eta politikoari eta anabasari bide telematiko duina ematea, fribolitatean erori
barik. Ez genuke nahi programatzeagatik programatzea, baina aztertzen gabiltza
aukerak eta ez gaude bestelako proposamenei itxiak.
Proposamen hau Bilboko Aratusteen antolatzailea den eta kideak garen Jai
Batzorde Mistora eroango dugu bere hurrengo bilerara, bertan denon artean ditugun
proposamenak baloratu eta erabaki dezagun.
Guk abendurako eskatu genuen Jai Batzorde Mistoa biltzea, oso berandu
gabiltzalakoan aurten. Segitzen dugu pentsatzen premiazkoa dela ahalik eta
lasterren informazioa eta ziurtasunak ematea bilbotarrei, elkarteei, kolektiboei,
sortzaileei eta artistei, nork bere planak egin ditzan. Izan ere, kontzertuak,
antzezlanak, umeen jolasak, mozorroak eta koplak ez dira inprobisatzen: aurretiaz
lan eta maitasun asko ipintzen da horrelakoetan. Beraz, epe laburra bada ere,
berriro eskatzen diogu Itziar Urtasun jai zinegotzi eta Jai Batzorde Mistoko
presidenteari batzordea batu dezan, Gabonak baino lehen, edo gutxienez, Urtebarria
baino lehen. Beste kideei ere, prestutasuna eskatzen diegu epe labur horretan
batzordean parte hartzeko.
Izan ere, dagoeneko asko izan dira Aratusteetako Mozorro Lehiaketagatik, Pontxe
eta Torrada sariketengatik, indaba lehiaketagatik eta hainbat jarduerengatik galdetu
diguten elkarte, kuadrilla, ostalari eta txokoak.
Lehen esan bezala, koantolatzaileak garen Aratusteak bertan behera uzteko
proposamena prebentzio-irizpideei eta elkar-zaintza filosofiari jarraiki egin dugu.
Uste dugu ardura kolektiboa dugula herritar, elkarte eta kolektibo orok pandemia-
garaian kutsatze-bideak murrizteko. Baina argi esan beharra daukagu gure harri-
koxkor hori jartzea ez dela nahikoa. Ez da posible pandemiari aurre egitea bitartean
erakundeek osasungintza publikoan murrizketak egiten segitzen badute.

Herenegun, Deustuko Elkartasun Sareak deituta, aukera izan genuen Deustuko
anbulatorioko osasun-langile eta erabiltzaileekin pankarta partekatzeko, gauez
osasun-zentroa itxi ez dezaten aldarrikatzeko. Oso kontu larria da, baina aldi
berean, hondar alea baino ez da murrizketa eta pribatizazio aro honetan.
Horregatik, bilbotarrei eskatzen diegu Aratusteen balore nagusiak berreskuratu eta
kritika sozial eta politikoa erabiltzea, osasungintza eta bestelako zerbitzu publikoak
defendatzeko, lan-baldintzen alde egiteko eta okerren daudenak babesteko sareak
sustatzeko. Denon artean lortuko dugu Covid-19ko krisi krudelarekin batera
pairatzen dugun krisi ekonomiko larria betikook ordain ez dezagun!
Laburbilduta, erantzukizunez eta senez jokatu behar dugu gizartearekin, elkar
zainduz eta, era berean, jai-eredu parte-hartzailea eta erabakigune partekatuak
zainduz.
Gora jai herrikoiak!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude