Konpartsok eraso sexistak salatuko ditugu, Aste Nagusirik egon ez arren

Bilbo, 2020/08/21

Bilboko Konpartsok eta Bilbo Feminista Saretzenek elkarrekin salatuko ditugu eraso sexistak, arrazistak eta LGTBIfoboak, Aste Nagusiko datetan. Erasoen aurkako protokoloa aldatu dugu, Covid-19ri eta Aste Nagusia ez izateari moldatzeko. Modu berean, konpartsok gogor kritikatu dute sistema heteropatriarkalak zaintza- eta garbiketa-sektore feminizatuetan ezarritako lan-baldintza “eskasak eta urriak”, eta eragindako “sexu-arrakala”. Lan-baldintza duinak aldarrikatzera eta zerbitzu publikoak defendatzera deitu dugu.

Bilboko Konpartsok gaur gogorarazi dugunez, bihar ez da Aste Nagusirik hasiko, ezta Aste Nahasirik ere, Covid-19ko gaitza dela eta. Hala, emakume konpartsakideen ustez, “ez dira nahi ditugun jaiak izango, geure gorputzak eta geure erabakiak ere beti errespetatuko direnak, egiten ditugunak egiten ditugula: dantza, kantu, barre, poteatu…”. Aurten, Bilboko Konpartsok ez dugu egin ahal izango “gustatuko litzaigukeen tamainako ekarpenik erasorik gabeko jaigune bat eraikitzeko lanean, gozamena, errespetua eta elkarzaintza izan daitezen Aste Nagusian”. Baina, ohartarazi dugunez, Aste Nagusirik eta Aste Nahasirik izan ez arren, horrek ez du esan nahi erasotzaileak, jarrera sexistak eta jazarpen-egoerak desagertuko direnik.

Hori dela eta, erantzun-protokoloa aurtengo egoerara moldatu dugu konpartsok. Aste Nagusiko ohiko egunetan eraso sexista, arrazista edo LGTBIfoboa egin dela egiaztatuz gero, konpartsek protokolokoa aktibatu eta Bilbo Feminista Saretzen koordinadorarekin batera kontzentrazioa deituko genukete, bere momentuan jakinaraziko ginatekeen lekuan eta orduan, beti ere unean uneko osasun-neurriak beteta. Eragile biek erkarlan estu eta jarraitua garatuko dugu aste osoan, informazioa, ardurak, bitartekoak eta komunikazio-ekimenak partekatuta.

Konfinamenduan ere lanean

Bilboko Konpartsak federazioak gogora ekarri dugunez, eraso sexistei eta bestelako erasoei irmoki aurre egiteko gure beregi sortutako batzordea dauka eta aurten ere lanean izan da, sentsibilizazio-, deseraikitze- eta ahalduntze-tailer eta jardunaldiak egiten, telematikoki.

Aurrekoa ez da konfinamendu garaiari Bilboko Konpartsok egindako aipamen bakarra. Gogora ekarri dugunez, garai horretan nabarmen geratu zen zaintza-lanak eta garbiketa-lanak ezinbestekoak direla gure gizartea aurrera egin dezan: “zoritxarrez, argi eta garbi ikusi zen lan horiek ez dira sozialki baloratzen, ezta ekonomikoki ere, eta bertan dihardutenen lan-baldintzak urriak eta eskasak direla. Inondik inora ez da kasualitatea arlo horiek erabat feminizatuta egotea eta erabat baztertuta: sistema heteropatriarkalak sexu-arrakala sustatu du betidanik eta bizi dugun krisialdian arrakala hori handituko da”. Horregatik, lan-baldintza duinak eta zerbitzu publikoak defendatzera deitu dugu.

Beste aldetik, konpartsek txalotu dugu emakumeen kolektiboek eta sareek egindako lana, auzoetan zaintza- eta elkartasun-taldeak sortu eta dinamizatzeko. Konpartsakideek ere parte hartu dugu talde horietan eta emakumeek egindako lan eredugarriaren lekuko izan dira.

 

Gora Aste Nagusia, Gora emakumeon borroka, Gora autodefentsa feminista! eta Gora Marijaia!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude