Jai herrikoiak aldarrikatuko ditugu larunbatean!
Osasun-krisiak eragotziko du aurten Konpartsakide Eguna normaltasunez burutzea. Aste Nagusirako motorren beroketari hasiera ematen dion konpartsen arteko ospakizuna izaten ohi da ekimen hori. Hala ere, Konpartsok jai herrikoiak aldarrikatzeko aukera ez dugu galdu nahi, eta datorren larunbatean, uztailaren 18an, Bilboko Areatzan jai-eredu herrikoi horren aldarria egiteko elkartuko gara, beti ere osasun-neurriak mantenduz. Eguerdian, prentsaurrekoa eskainiko dugu eta arratsalderako kalejira-manifestazioa deitu dugu.
Konpartsok datozen hilabete eta urteei begiratzen diegu, eta beldur gara aurreko krisietan bezala erakundeek oraingo normaltasun berria eta krisi ekonomikoa baliatuko ote dituzten jai herrikoiei murrizketak, trabak eta debekuak ipintzeko, eredu parte-hartzailearen kontra jotzeko eta arlo horren pribatizazioa sustatzeko, osasungintzan, hezkuntzan eta abarretan gertatu den legez. Horregatik, egoera salatu eta herri mugimenduaren alde agertuko gara, Euskal Herriko jai-eragileak elkarlanera deituta.
Elkarlanerako deia da, hain zuzen ere, Bilboko Udalari konpartsok larunbatean berriro egingo dioguna, izan ere, pasa den osteguneko agerraldian adierazi genuenez, “elkarlana, eta ez inposizioa”, oinarrizko baliotzat dugu.
Azken hilabeteotan Bilboko Udalak jai eragile herrikoienganako jarrera itxia eta inpositiboa erakutsi duen arren, konpartsok elkarlanerako prest jarraitzen dugu; hala, Jai Batzorde Mistoari eustea ezinbestekoa ikusten dugu nahiz eta osasun egoera honetan, 2020ko Aste Nagusia ezingo den ospatu. Pandemiak sortutako egoera lazgarri honetan, Bilbok behar dituen jaia, festa, parte-hartzea eta alaitasuna eman gura dugu konpartsok, elkar zaintza, osasun-neurriak eta prebentzio-irizpideak aplikatuta.
Prentsaurreko batekin abiatuko da beraz, larunbat honetako egitaraua, 12:30ean, Areatzan. Aste Nagusia ospatu ohi den egunetarako egitasmoren baten berri aurreratzeko baliatuko dugu Bilboko Konpartsok larunbateko agerraldia.
Arratsaldean, berriz, kalejira-manifestazioa izango da, 18:00etan Arriagatik abiatuta. Aste Nagusiko jai-eremua gogora ekarriko duen ibilbidea egingo du kalejirak: Arriaga-Plaza Biribila-Udaletxea-Areatza- Arriaga.
Konpartsakide Eguna urtero uztail erdialdean egin ohi da. Hitzordu horretan konpartsa guztiak Bilboko Areatzan biltzen ohi gara egun osoz, jai-giroan, jan-edanaren laguntzaz: haurrak, gazteak eta adinekoak, lapikoak berotuta, pintxo lehiaketaz, bazkariaz eta erromeriaz gozatzen. Aurten, jarduera horiek ez dira egingo. Konpartsakide Egunak ekartzen ohi du Aste Nagusiaren lehen abisua, jai-eredu herrikoi, euskaldun, parekide eta parte-hartzailearen ikurraren lehen abisua.