Bilboko Konpartsen mendi-ginkanan parte hartu dute 200 mendizalek

Bilboko Konpartsok  Txosnaginkane Orientazio-ibilbidearen saridunak ezagutarazi ditugu. Altxorraren bilaketa hori estreinatu zuen ekainaren azken asteburuan. Ekimen horretan, mendizaleek hainbat objektu topatu eta argazkia atera behar zituzten Txosnagane mendian, Pagasarri eta Ganekogorta artean. 200 mendizalek baino gehiagok parte hartu zuten.

Txosnaginkane orientazio-ibilbidea Bilboko Konpartsok garatu dugu, Atxurigorri, Bolintxu Bizirik, Kalderapeko taberna eta Iralako eta Bilbo Zaharreko jai batzordeekin elkarlanean.

Jarduera ez lehiakorra izan da, osasun-irizpideak eta elkarren zaintza oinarri hartuta. Ekintzaren helburua izan da Bilbo inguruko mendi eta natura espazioak ezagutzea eta disfrutatzea, modu libre eta arduratsu batean. Hala ulertu dute parte-hartzaileek ere, ideia polita eta dibertigarria izan dela jakinarazi baitigute. Ekimena normaltasunez burutu da.

Honako hauek izan dira irabazleak:

Ginkana osatutakoen arteko zozketa:
Zuriñe Lopez Vila / Jose Javier Val Mejuto
Saria: Pertsona birentzako otordua Kalderapeko jatetxean.

 

Parte hartutakoen arteko zozketa:
Roberto Zabala Herguedas / Bruno Nieto Palacios
Saria: Bilboko Konpartsen material-sorta.

Txosnagane mendia hainbat izenekin da ezaguna: Biderdi, Ganetxiki eta Larrentxu, besteak beste. Pagasarri eta Ganekogorta gainen artean dago, eta 877 metroko altuera dauka.

Probaren ezaugarriak

Hiru ibilbide ezberdin ezarri genituen: lehenengo ibilbidea, San Adrian auzotik irtenda eta Atxurin amaitutakoa, luzeena izan da, 19,17 kilometrokoa (967 metroko goranzko desnibelarekin); bigarren ibilbidea, Bilbo zaharra auzotik irtenda eta Iralan bukatutakoa laburra, tartekoa izan da, 16,6 kilometrokoa (708 metroko goranzko desnibelarekin); azken ibilbidea, Abusu eta Bilbo Zaharra artean egin zuten, 11,2 kilometroko zirkuitua osatuta (457 metroko goranzko desnibelarekin).

Parte-hartzaileen kopurua 111 taldekoa izan da. Gehienetan bikoteak izan dira, baina batzuetan hirukoteak, laukoteak edo banakoak izan dira. Hala, 200 mendizale baino gehiagok parte hartu dute.

Ibilbideetan, protagonismo berezia izan du Bolintxu errekak. Bilboko paraje natural bakarretakoa da, eta mendizaleek asko estimatutakoa; egunotan, Supersurren lanak direla eta suntsitzeko mehatxupean dago.

Antolatzaileok ahalegin handia egin genuen jende-batuketak ekiditeko neurriak hartzen. Hala, ekimena hiru egun eta dozenaka orduan banatu genuen, parte-hartzaile bakoitzak gurago zuen unean egiteko, gainera. Hiru zirkuitu ezberdin prestatu ziren, eta hasiera eta bukaera puntuak ezberdinak izan zituzten, inolako puntu estatikorik gabe.

Eskerrik asko partehartzaile guztiei!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude