Jaiei buruzko lan-dokumentua Bilboko Jai Batzorde Mistoan aztertzea eskatu diogu Aburtori Bilboko Konpartsok

Bilbo, 2020/04/24

Bilboko Konpartsok publikoki deitu dugu Juan Mari Aburto alkatea, “lehenbailehen” Bilboko Jai Batzorde Mistoa batu dezan; bertan, EAEko lehendakariak atzo aurkeztu zuen udako jaiei buruzko lan-dokumentua aztertzea eskatzen dugu. Aurretik, konpartsok hainbat alditan eskatu dugu batzordea batzea, osasun-informazioa jaso, eta 2020ko edizioaz eztabaidatzeko, “beti ere osasun-irizpideei eta elkar zaintzaren filosofiari jarraiki”. Modu berean, Bilboko Konpartsok “oso positiboki” baloratu dugu atzorako deitu zuten ekimena, Aste Nagusiaren hasiera-datarako lau hilabete falta direla gogoratu zuena: “krisi larri eta gordin honen barnean, egun batez, ilusioa pizten lagundu du milaka etxetan”.

 

Prentsa-ohar honen bidez, Bilboko Konpartsok publikoki adierazi diogu Juan Mari Aburto Bilboko alkateari euren eskaera, lehenbailehen batu dezan telematikoki Bilboko Jai Batzorde Mistoa, Aste Nagusia antolatzen duen batzordea. Gogorarazi dutenez, batzorde hori da Bilboko festa nagusiaz erabakitzeko gune instituzional bakarra.

Hala, Udalari eskatu diogu batzordera eramatea izan ditzakeen osasun-informazioa eta irizpideak. Era berean, atzo Iñigo Urkulluk lehendakariak aurkeztu zuen jaiei buruzko lan-dokumentua ere organo horretara eroatea gura dugu, prentsagatik ezagupena izan dugun agiriak izan lezakeen interesagatik.

Konpartsen asmoa da Jai Batzorde Mistoan Aste Nagusiari buruzko hausnarketak partekatzea eta 2020ko edizioari buruzko eztabaida martxan jartzea, beti ere elkarlanetik, eta prudentzia- eta osasun-irizpideei eta elkar zaintzaren filosofiari jarraiki.

Azken asteotan, konpartsok hainbat alditan eskatu dituzte idatziz bitariko bilerak Jai Arloarekin, alde batetik, eta Jai Batzorde Mistoa batzea, bestetik. Azaldu dutenez, oraindik ez dugu erantzun positiborik jaso.

 

Lau hilabete falta direneko ospakizuna

Bilboko Konpartsok oso positiboki baloratu dugu atzorako deitu zuten ekimena, “Badator Marijaia!” abestiaren aitzakiaren pean Aste Nagusiaren hasiera-datarako lau hilabete falta direla gogoratu zuena. Izan ere, konpartsok nabarmendu dutenez “krisi larri eta gordin honen barnean, egun batez, ilusioa pizten lagundu du milaka etxetan”. Bilboko sukaldeek, balkoiek eta egongelek hartu zituzten Aste Nagusiari eta Marijaiari egindako milaka kliska txiki, eta ez zen falta Aste Nagusiko pertsonaiaz mozorrotu eta balkoira dantzan atera zena. Sare sozialetan ere, nabarmena izan da ekimenaren jarraipena, bertan, unean unean egindakoez gainera, Aste Nagusian bizi izandako une magikoak zabaldu zituzten ehunka pertsonak. Argi geratu da, beraz, bilbotarrak prest daudela posible izango den momentuan bertan kaleak jai giroz eta kolorez betetzeko.

 

Krisialdian, arduratsu

Garrantzitsua da atzo sortutako irribarrea, ilusioa, esperantza, eta festa-desira; izan ere, gaur egun triste beltz eta krudela den Covid19ko krisiari, segur asko krisi orokor bat segituko diolako, enpleguari, merkataritzari, familiei, elkarteei, kulturari, jaiei eta abarri eragingo diona. Eta horrelako garaietan, adorea eta umorea mantentzea ez delako erraza. Bilboko Konpartsok ziurgabetasun egoera horretan arduraz segituko du lanean herri mugimendu gisa, bere onena emateko, 1983ko uholdeetan egin zuten bezala. Horren adibidea da ehunka konpartsakidek Bilboko eta Bizkaiko zaintza- eta elkartasun-sareetan parte hartzea. Sare horiek indartzera deitu dituzte herritar denak.

Bitartean, informazio eskaseko eta ziurgabetasun handiko garai honetan, konpartsok lanean segitzen dugu, arduratsu, balizko hainbat eszenatoki aurreikusi, irudikatu eta egokia izan daitekeena martxan jartzeko prest, hemendik lau hilabetera edo dagokionean, kalean edo balkoietan eta sare sozialetan ospatuko diren munduko jairik onenak antolatzeko, beti ere elkar zaintzaren filosofiatik abiatuta eta pertsonen osasuna arriskuan ipini gabe. Hala, ehunka konpartsakide dabil telelanean egunotan, unean-uneko osasun-irizpideak jarraitzen, konpartsek desiratzen dutelako “abuztuan danok, zahar eta gazte, gizon eta andre, jaietan” bertsoak beste behin ere errealitate bilakatzea.

Azkenik, konpartsek berretsi egin dugu gure maitasuna eta esker ona osasun-langileei, zahar-etxeetako langileei, zaintza-taldeetako kideei, suhiltzaileei, banatzaileei, dendariei, postariei eta ezinbesteko lana egiten dutenei, baita langabezian geratu diren guztiei ere.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude