Indabek “oso maila ona” eman dute Aratuste-igandeko lehiaketan
Kalitate onekoak izan dira gaur Bilboko Plaza Barrian aurkeztu diren indaba gorri putxerak, epaileen iritziz.
Eguraldi ederra lagun izan dute aurten Plaza Barrian indabak prestatzen aritu diren indaba lehiaketaren taldeek. 69 putxera eta lapiko aurkeztu dira eta giro itzela izan da, igande honetan Jaietako Batzorde Mistoak antolatutako lehiaketa gastronomikoan.
Epaimahaian parte hartu du Farolinek gaur eguerdian, lapikoak banan-banan dastatzen eta baloratzen. Berarekin batera Jai Batzorde Mistoko hainbat kidek eta zenbait sukaldarik jardun dute epaile. Putxerak izan dira aurkeztutako gehienak, eta, Bilboko Konpartsen webgunean argitaratutako oinarrien arabera, indaba zuriak eta verdinak ez iren onartzen.
Orokorrean “oso maila ona” egon dela izan da epaileen arteko iritzi orokorra. “Adibidez, lapiko beganoak gero eta landuagoak daude, urdaia bota ezin duten arren”, azpimarratu du Zuriñe Sanchez sukaldari eta gozogileak. “Hiru alderdi aztertzen dira: lehenik puntua, indaba ondo egosia egotea; ondoren aurkezpena, indaba ez dadila apurtuta egon; eta, azkenik, zaporeari erreparatzen diogu”, azaldu du Javier Izarrak, Tamarises Izarra jatetxeko sukaldariak. Lapiko denak dastatuta, hauek izan dira aurtengo indaba lehiaketaren irabazleak:
OROKORRA
1. Saria (garaikurra eta 120€) Anino (Urduña)
2. Saria (garaikurra eta 110€) Ieltxu eta Amets (Barakaldo)
3. Saria (garaikurra eta 100€) Txoko Sope (Sopela)
4. Saria (garaikurra eta 95€) Anne (Gernika)
5. Saria (garaikurra eta 90€) La pagana (Tartanga)
6. Saria (garaikurra eta 70€) Petra Flores (Sopela)
7. Saria (garaikurra eta 70€) Caserío El Portillo (Balmaseda)
8. Saria (garaikurra eta 70€) Markel (Gernika)
9. Saria (garaikurra eta 70€) Aita Navarro (Bilbo)
10. Saria (garaikurra eta 70€) Larrea (Santurtzi)
11. Saria (garaikurra eta 70€) Urederra (Goierri)
12. Saria (garaikurra eta 70€) Leie (Urduña)
KONPARTSAK
1. Saria (garaikurra) Txomin Barullo
2. Saria (garaikurra) Altxaporrue
3. Saria (garaikurra) Txori Barrote txiki
Aratusteak ez dira amaitu
Aratusteetako egun gehienak igaro diren arren, oraindik ezin ditugu mozorroak armairuan gorde. Astelehen goizean, umeentzako ekintzak eta familientzako kontzertua izango dugu Plaza Barrian; eta asteartean, goiz zein arratsaldez, umeentzako ekintzak izan ondoren, negar eta su artean, gure sardina maiteari egingo diogu agurra astearte arratsaldean, Arriaga Antzokiaren aurrean.