Ironia eta sarkasmoa, koplaka
Bilbo, 2019/01/10
Bilboko Aratusteetako Kopla Txikien Lehiaketan izena eman daiteke dagoeneko
Datorren otsailaren 15ean, larunbatean, hasiko dira Bilboko Inauteriak, Kopla Txikien Lehiaketa berriaren seigarren edizioaren bitartez. Txapelketa errimatu hori Abandoko Kafe Antzokian egingo da, 19:00etatik aurrera. Bertan edozein taldek parte hartu ahal izango du, izan elkarte, kuadrilla, bertso-eskola, konpartsa, abesbatza edo bestelakoa, hiru baldintza betez gero: inskripzioa betetzea, bost kide edo gehiago izatea; eta partaide denak mozorrotuta jardutea.
Lehiaketako arauak
Izena emateko epemuga otsailaren 3a izango da. Inskripzio-orriarekin batera koplaren letra ere entregatu beharra dago. Bertsoak euskaraz edo gazteleraz aurkez daitezke, beti ere kopla originalak eta argitaragabeak badira. Erabiliko den doinua herrikoia edo beren beregi sortutakoa izan daiteke.
Interesdunak hementxe topa dezakete bete beharreko inprimakia Bilboko Konpartsen webgunean: Bilbokokonpartsak.eus. Modu berean, posta elektronikoaren bidez aurkeztu daitezke inskripzioa eta letra honako helbideetara mezua igorriz: bulegoa@bilbokokonpartsak.eus eta baekoralak@hotmail.com. Eskuz edo posta arruntaz ere eraman daitezke idazkiak Bilboko Konpartsen egoitzara, Zabalbide kaleko 5. zenbakiko lonjara, goizeko 10:00etatik 13:00etara. Argibide gehiagorako, jo daiteke konpartsen federaziora (946 791 306) eta Bizkaiko Abesbatzen Elkartera (944 244 045).
Koplak, Bilboko ohitura zaharra
Bilboko Aratusteetako kopla txikiak 1515. urtean dokumentatuta daude lehenengo aldiz, sindikoak alkateari gutuna igorri baitzion, orduko kritiken eta sarkasmoen berri emanez. Izan ere, Kopla Txikien Lehiaketan barreiatzen ohi dira ironia, sarkasmo, kritika sozial eta politikoa eta, batez ere, umore dosi handiak; hala, Bilboko Aratusteen osagai nagusi horiek musika, koreografia eta mozorro koloretsu eta ikusgarrien sorta ederrekin nahasten ohi dituzte. Lehiaketa Bilboko Jai Batzorde Mistoak antolatzen du, Bizkaiko Abesbatzen Elkartearen laguntzaz.
.