Bertoko nekazaritza babestuko dugu Bilboko Konpartsok, San Tomas egunean jaia eginez
Bilboko Konpartsok Bizkaiko baserritarren egun nagusian izango gara larunbat honetan, San Tomas azokan. Jai-egitarau zabala eskainiko dugu; gainera, ohiko txerrikien eta ortukarien zozketan bildutako dirua Bilbo zaharreko Kidekoop elkarteari emango diogu, lehen sektorea eta elikadura burujabetza defendatzeko.
Konpartsok berretsi egingo dugu bihar gure herriak txerriaren inguruan duen ohitura eta tokiko ekoizpena zein elikadura-eredu burujabe baten aldeko apustua. Ohi bezala, San Nikolas elizako ingurua dinamizatuko dugu, musika, bertsoak eta bertoko jana eta edana ez direlarik faltako, Areatzako eta Plaza Barriko postuek emango duten nekazaritza-eskaintza osatzen. Azkenik, eguneko zozketarako zenbakia salgai izango da, Bilboko Konpartsen egutegiarekin batera.
Programazio-arloan, txosna goizeko 11:00etan zabalduko da eta aurten lehenengoz, txikienentzako proposamena eskainiko dugu 12:00etan: “Klownmunikatu Fest!” Puski eta Txurruski pailazoen eskutik. Eguerdian ere pintxo eta indabak banatzeari ekingo diogu konpartsakideok eta 13:00ean izango da bertsolarien txanda; Enare Muniategik, Maite Sarasolak, Mikel Aiartzaguenak eta Oihana Bartrak abestuko dute. 14:00etan dantza plazan izango da, Bihotz Alai dantza taldearen gidaritzapean eta 17:00etan txalaparta emanaldia, Ekaitxa taldeak eskainiko duena. 18:30ean, zozketa burutuko dugu, bertoko baserritarrek ekoiztutako barazki zein baserriko txerriki ekologikoena; txosnaren eszenatokitik egingo dugu. Ondoren, eta eguna itxi arte, Luhartz erromeria-taldeak dantzan jarriko ditu hurreratuko diren bilbotar eta bisitari denak, bi pasetan, 19:00etan eta 21:30eta, hurrenez hurren. Tartean, 20:00etan, Bilbo Kantariren abestaldia irtengo da Kalderapeko tabernatik, Zazpi Kaleetako Txakur kaletik.
Ohi legez, bertoko kalitatezko produktuak eskainiko ditugu, bai txosnan baita gastronomia-gunean ere, Slow food eta kilometro zero filosofiari jarraiki. Hala, ez dira faltako Eusko Labeleko elikagaiak.