Jaiari eta hizkuntz-eskubideei eutsiko diegu Bilboko Konpartsok, epaiak epai
Bilbo, 2019/12/12
Bilboko epaitegiek gaur aztertuko dute 2018ko Aste Nagusian Bilboko Udaltzaingoak konpartsakide bati Mozal Legea baliatuz ezarritako isuna. Desmuntai-lanetan zebilenean, udaltzainek gerarazi zuten eta euskarazko arreta ukatu ostean espedientea abaldu zioten, bere hizkuntz-eskubideak aldarrikatzeagatik. Bilboko Konpartsok babes osoa eman diogu konpartsakideari eta salatu dugu azken urteotan Bilboko Udaltzaingoak hartutako “norabide erasokorra”.
Bilboko Konpartsok jai-eredu herrikoia defendatzen, babesten eta bultzatzen dugu.
Eraikitzeko lanetan dihardugu, gizartean dauden hainbat aldarrikapeni ere lekua eskainita, eta beti ere denon arteko errespetutik. Aste Nagusia denontzako tokia da. Bilboko Konpartsok askotariko iritziak biltzen ditugu, jarrera irekia dugu, eta eraldaketa soziala bultzatzen dugu. Urte osoan egiten dugu lan aktiboa, askotariko sentsibilitateetatik Bilbon eta Bilbotik haratago modu pluralean eragiteko. Hau Pittu Hauko konpartsakideak 2018ko Aste Nagusian jasandako erasoa konpartsoi ez ezik, euskaldun eta herritar denei ere egindako erasoa izan da, eta ez du kabidarik gure jai-eredu herrikoian.
Ez dugu uste hizkuntza-eskubideei inongo mugarik jarri behar zaionik, euskara bezalako hizkuntza gutxiagotutako komunitateen gaineko zapalketarik eragiten ez duen bitartean. Bertako hizkuntzari errespetua eta hizkuntza-eskubideen bermea ezinbestekoak dira gizarte plural, kritiko, parekide eta arduratsu batentzat. Hobetzeko bide bakarra baita jarrera ireki hori izatea.
Bilboko Konpartson ustez, Juan Mari Aburto alkateak eta Tomás Del Hierro Segurtasun zinegotzi ohiak Udaltzaingoari markatutako “norabide erasokorraren ondorioa” da auzi hau.
Udalaren segurtasun-politikarekin erabateko desadostasuna agertu da Bilboko Konpartsetatik, jakina denez, eta, horrez gain, ustezko segurtasun hori bermatzeko erabiltzen diren jarrerak eta ekintzak Udalari eskuetatik ihes egin diela adierazi dute. Hizkuntza-eskubideei iseka eta Mozal Legea ezartzea dira sekurokraziaren alde egindako apustuaren ondorioa.
Gora Aste Nagusia!!! Gora jai herrikoiak! Euskaraz bizi nahi dugu! Mozal Legeari ez!