Lehenengo ikastolak XX. mende hasieran sortu ziren Bilbon. Euskara hezkuntzan jada debekatuta zegoela, 1908an, Juventud Vascako gazte batzuek Euskal Eskola zabaldu zuten Plaza Barrian, eta 1915ean, beste eskola bat eratu zuten Colon de Larreategi kalean. Halere, Primo de Riveraren diktadurak (1923-1930) eskolok itxiarazi zituen, eta, 1931n Bigarren Errepublika heldu arte, ez zen berriro euskarazko irakaskuntzarik eskaini Bilbon.
Lehendabiziko Ikastola 1932an zabaldu zuten, Belostikalen, eta, arrakastak animatua, Errotatxuetako ikastolaren proiektuari ekin zioten: Kale Nagusiaren eta Casilda Iturrizar parkearen artean bi eraikin moderno, jolastoki eta berdegunearekin, irakaskuntza planteamendu aurreratuekin… Frankismoa etorri zen arte.
Bilboko euskal eskolak eta lehen ikastolak XX. mendean
1857. urtean ezarri zen Espainian eskolagintza berriaren oinarria, Instrukzio Publikoari buruzko 1857ko irailaren 9ko Legearekin. “Moyano legea” bezala ere ezagutu zen lege honek, besteak beste, hezkuntzan espainiar hizkuntza “derrigorrezko eta bakarra” izatea ezarri zuen.
Horren aurrean, eta Bilbon euskara haurren hezkuntzatik erabat baztertuta zegoela ikusirik, Resurrección Maria Azkuek, orduan Bilboko institutuan euskara katedraduna zen euskaltzaleak, Bilboko lehenengo euskal eskola zabaldu zuen 1896an, Jardines kaleko 10. zenbakian. Azkuek “Kolejio-Ikastetchea” deitu zuenak ibilbide laburra izan zuen, 1899an beste erlijioso batzuen eskura utzi behar izan baitzuen eta haien artean ez omen zegoen euskaldunik, baina aurrekaria ezarri zuen gerora lagun talde zabalago batek egingo zuen saiakerarako.
1908an zabaldu zen Euskal Eskola, Plaza Barriko 4. zenbakian, Juliana Agirrezabala eta Juventud Vasca-ko beste gazte batzuen ekimenez. 33 ikasle zituen (haur eskolako mailakoak). Bere sostengu eta jarraipenerako Euskal Eskoletako Patronatuko Batzarra osatu zen, euskal kulturako eta hezkuntzako pertsonaia esanguratsuen laguntzaz. 1913an nesken oinarrizko eskola ere zabaldu zen, 1915ean 150 ikasle eta hiru maistra zituela.
1915ean, Bilboko zabalgunean dagoen Colon de Larreategiko 22. zenbakian horrelako beste euskal eskola bat eratu zen. Plaza Barrikoan andereño lanetan ibilitako Rosario Arribi joan zitzaien zuzendari. Garai hartan izen berria hartu zuten: Colegio Ntra. Sra. de Iziar y Ntra. Sra. de Arantzazu.
Primo de Riveraren diktadurak (1923-1930) eskola hauek itxiarazi eta 1931an Bigarren Errepublika heldu arte ez zen berriro euskarazko irakaskuntzarik eskaini Bilbon, eskolaz kanpokoak kenduta. Horietan ezagunena Mugikako Eskola (Erriberako Eskola ere ezaguna) izan zen, bertan Joseba Altuna, Mikel Arrutza eta beste batzuk euskara irakasle ari ziren 1931n.
Lehenengo ikastolak eta Errotatxueta
1932ko otsailaren 4an proposamena plazaratu zuten Emakume Abertzale Batzako emakumeek, Bilbon euskal eskolak sortzeko. Abertzaleen ekimenez sortu zen Euzko Ikastola Batza (EIB) eta lehen hezkuntzara bideratu zuten hasierako bultzada. Udan premiazko lanak egin ondoren, Portugalete, Sondika eta Belostikaleko eskolek irailaren 14an ekin zioten 1932-33 ikasturteari. Zazpikaleetakoari dagokionez, Arana Jauregia (Belostikale 1) eraikineko bi pisu alokatu zituzten eta EIBren egoitza ere bertan jarri zuten. Urtebete eskasean EIBk zortzi eskola jarri zituen martxan Bizkaian eta beste bat Gipuzkoan.
Hala ere, horietatik guztietatik bakarra kokatu zen eraikuntza berri batean; Errotatxuetakoa hain zuzen. Euskal eskolaren proiektuaren atzean zeudenek argi zeukaten eredu moduan funtzionatuko zuen ikastola bat martxan jartzearen garrantzia. Horrela bada, ahalegin berezia egin zuten Abandoko eraikin berriak baldintzarik onenak izan zitzan. Bi pabilioi eraki ziren, hurrenez hurren neska eta mutilentzat, Kale Nagusiaren eta Casilda Iturrizar parkearen artean, egurrezkoak eta uralitazko teilatuekin, ondoan jolasteko berdegunea zutela. Errotatxuetako euskal eskolek oso asmo handiak izan zituzten, euskararen pedagogia moderno eta eredugarria garatzeko: ikasleen askatasun eta mugikortasuna bultzatu zuten, irakasleak ez zeukan mahairik eta ikasleak launaka antolatzen ziren ikasgelan. Oztopoak oztopo, emaitza ikusgarriak lortu zituzten Errotatxuetako eskolek: 1935ean Batxillergorako sarrera egin zuten ikasle guztiek gainditu zuten azterketa.
Errotatxuetako bi pabilioiek 300 ume hartu ahal zituzten arren, ez ziren inoiz kopuru horretara heldu, besteak beste gerrak goranzko joera moztu zuelako; bere azken urtean, hots, 1935-36 ikasturtean, 204 ikasle matrikulatu ziren bertan. Gerraren ostean, euskararen erabateko debekuarekin, bertan behera geratu zen ekimena.
Geroago, Bilbon sortu zen Francoren diktadurapeko Bizkaiko lehenengo ikastola, 1957an Julia Berrojalbiz eta Xabier Peñaren eskutik, San Nikolas elizaren lokaletan, berehala poliziak itxi eta Iralabarriko frantziskotarren komentura mugitu behar izan zutena. Hura ere itxiarazi zuten 1959an, irakasleak atxilotu eta isun gogorrak ezarri zizkieten. 1964an, Santutxuko karmeldarren babespean antolatu eta 15 haurri eskolak ematen hasi ziren guraso batzuk, Karmelo Ikastola sortuta. 1968an, zabaltzeko baimena lortu zuten Azkue ikastolak lehenik (gerora Lauro izena hartuko zuena) eta, ondoren, baita Karmelo ikastolak ere, artean “euskarazko hezkuntza gehigarri” moduan. Hortik aurrera -Arantzazuko bilkura 1968an egin zuen Euskaltzaindiak- etorriko zen ikastolen loraldia, euskararen estandarizazioarekin eta urte haietako euskalgintzaren biziberritze orokorrarekin batera.
BIBLIOGRAFIA:
Bertan Bilbo. Bizkaiko hiriburua eta euskara: XX. mendeko historia (2008)
Aitor Zuberogoitia eta Pedro Zuberogoitia
(106. – 111. orrialdeak)
https://bilbaoeuskaraz.bilbao.eus/wp-content/uploads/2019/11/Bertan-Bilbo-eu.pdf
Bilboko XX. mende hasierako euskal eskolak (1908-1918)
http://zaharra.hikhasi.eus/Artikuluak/20020101/historiako-zertzeladak-bilboko-euskal-eskolak-1908-1918
Julia Berrojalbiz
https://www.bilbao.eus/bld/bitstream/handle/123456789/16261/pag14.pdf?sequence=1
1960tik aurrerako ikastolen historia. Jagon bilduma (Euskaltzaindia)
https://www.euskaltzaindia.eus/dok/iker_jagon_tegiak/75409.pdf
Errotatxuetako ikastolaren eraikinaz, argazkiekin
https://20arch.eus/eu/2024/06/17/errotatxuetako-ikastola-bilbon-1932/