1908an, burdinaren prezioen jaitsierak krisi larria sortu zuen Bizkaian, eta krisi horren erdian, agintariek ardoaren gaineko zerga igotzea erabaki zuten. Biltegien jabeek eta tabernariek, baina, ez zuten onartu. Tabernak itxi zituzten, lege lehor moduko bat sortuz, eta, ondorioz, bilbotarrak ardoa modu klandestinoan erosten hasi ziren. Diotenez, ardoa sartzeko, itsasadarraren eta egungo La Bolsa jauregiaren arteko pasabide sekretu bat zegoen eta, ondo begiratuz gero, marea behera dagoen egunetan gangatxo bat ikus daiteke itsasadarraren hormetan.
1908an, krisi larria bizi zen Bizkaian: burdinaren prezioen jaitsierak ondorioak izan zituen lurraldeko meatzaritza sektorean eta haren inguruan zegoen industria osoan. Enpresarien gehiengo batek uko egin zion minerala hain prezio baxuan saltzeari; beste batzuk, ordea, estrategia horrek kalte egin ziezaiekeela ulertu zuten, nazioarteko erosleek Bizkaiko burdina merkeago batengatik ordezkatuko zutelakoan. Nolanahi ere, egoera horren ondorioz, krisiaren eragina langile klasearen gain erori zen, eta gero eta gehiago ziren karitatera jo behar izan zuten bilbotarrak.
Testuinguru horretan, ardoen gaineko zerga igotzea erabaki zuten udal agintariek, alkoholaren graduazioaren arabera. Horren ondorioz, Bilboko ardo-biltegien jabeek aho batez erabaki zuten denda eta tabernei saltzeari uztea: itxiera bat ezartzen hasi ziren, de facto lege lehor baten antzekoa.
Tabernariek egoera baliatu zuten, itxierarekin bat eginez, baina elkartasuna adierazteko ez ezik, igandeetan ireki ahal izatea exijitzeko ere. Borroka hori ez zen berria haientzat, 1907ko azken hilabeteetan Antonio Mauraren gobernu kontserbadoreak igandeko atsedenari buruzko araudi bat aplikatzen hasi zenetik, eskubide hori berreskuratzeko nahian zebilen. Araudi horrek berezitasun bat zuen: 10.000 biztanletik gorako udalerriei baino ez zien eragiten. Beraz, inguruko elizateetako tabernek, Deustu eta Begoñakoak kasu, igande haietan beren negozioak nola hazten ziren ikusten zuten. 1907ko egun haietan tabernariek beren indarrak batu zituzten biltegietako jabeenekin, uste baitzuten itxitura hark kalte egiten ziela bien interesei. Neurri haren izaera klasista ere nabarmentzen hasi ziren: tabernak ixten ziren, langileen elkarguneak zirenak, baina kafetegiak, jauntxoen elkarguneak, irekita zeuden. Hala ere, protestak eta presioak gorabehera, 1908an tabernek itxita jarraitzen zuten igandeetan.
Oraingo hartan, alkatea prest agertu zen ardogileekin akordioak egiteko eta ardoen graduazioa egiteko moduan zenbait erreforma egiteko. Gainera, gremio barruko batasuna apurtzen hasi zen, graduazio txikiagoko ardoak saltzen zituztenek gutxiago ordainduko zutela ikusi zutenean. Tabernariek, aldiz, beste behin ikusi zuten euren aldarrikapenek ez zutela arrakastarik, alkateak ez baitzuen amore eman, eta planteatu zuen udalak ez zuela ahalmenik igandeetan irekitzea baimentzeko.
Egoerak iraun zuen denbora horretan, argi dago alkoholaren kontsumo klandestinoa normalizatua egon zela. Yohn jauregiak, gaur egun La Bolsa bezala ezagutzen denak, nolabaiteko garrantzia izan zuela diote. Antza denez, jauregiak itsasadarreraino iristen den pasabide bat du, eta alkohola modu klandestinoan sartzeko erabili zuten. Diotenez, ondo begiratuz gero, itsasbehera dagoenean bobedatxo bat ikusi daiteke itsasadarraren hormetan.