Urtarrila: Bilbok Deustu eta Begoña jan zituenekoa

Ilustrazioaren egilea: Antonio Cantero.

1925eko urtarrilaren 1ean gauzatu zuen Bilbok Deustu eta Begoña herrien anexioa, bertako herritar gehienen eta alkateen iritzi irmoaren kontra. Primo de Riveraren diktadura garaia zen, eta aurreko urtearen hasieran Bilboko alkate Federico Moyuak eta Gobernadore zibil eta militar Julio Echaguek abiatutako ekimenari babesa eman zion Madrilgo Direktorio Militarrak, urrian emandako Errege Dekretu baten bidez anexioa aginduz.

Agintarien segizio dotorea abiatu zen Bilbotik urteko lehen egun hartan Deustura lehenik, eta gero Begoñara, errepublika edo elizate horien aginte makilak jasotzera, baina mahatsorrien alkateak uko egin zion Moyuari ohore hori emateari eta ez zen ekitaldira joan.

1925eko lehenengo egunean, Bilboko korporazioa Erandioko Lutxana zubirantz abiatu zen lehendabizi, hamazazpi autotan eta mazolari, klarinero eta atabalarien boato handian. Ondoren, Deustuko eta Begoñako udaletxeetara. Haietako bakoitzean, lurralde-eremua hartu zuen ofizialki Moyua alkateak. Begoñan, botere-eskualdaketa Errepublikaren Etxean gauzatu zuen Cesar Ballarin gobernadore berriak. Honek, jarduneko alkate moduan zegoen Ernesto Allenderen eskutik makila hartu eta Moyuari eman zion. Izan ere, Begoñako alkatea, herriak aukeratutako Federico Escauriaza, ez zen ekitaldian presente egon, anexioaren erabat aurka zegoelako.

Bilboko alkateak, orduan, anexio prozesuak sortutako erretxinak ahazteko eta anexionatuentzako errespetua eskatu zuen. Udaletxeko Balkoira irten ondoren, segizioa, Deustu, Begoña eta Bilboko zutoihalek lagunduta, basilikara joan zen, bertan Salbea abesteko. Anexioaren ekitaldiek azken geldialdi bat izan zuten, Atxurin, On Diego Lopez de Haroren estatuaren aurrean. Bertan, Bilboren  Hiri-Gutuna irakurri zuten, anexionatutako herrien zutoihalak eta aginte-makilak alboetan zituztela. El Noticiero Bilbaíno-k orduan “erlikiatzat” jo zituen enblemak udaletxera eraman eta beira-arasa batean gorde ziren. Gaur egun, Begoñako zutoihala, Abandokoaren ondoan, Bilboko udaletxeko harmaila nagusian dago, Arabiar Aretoko kolorezko beirateen aurrean.