Bilboren sorrera beratik hiribilduan ugari izan ziren izaera herrikoia zuten jai eta erromeriak. Ospakizun horiei aratusteetako herri-dantzak edota zezen eta antzerki ikuskizunak, dantzaldiak eta jai partikularrak erantsi beharko genizkieke, besteak beste. Ikuskizun profanoen sorta horiek eliteei susmo txarrak eragiten zizkieten eta, ondorioz, kontrol gero eta zorratzagoa ezarri zitzaien. 1800ean Bilboko Udalak agindu zuen Bilbotik inguruko erromerietara irten nahi zutenek alkatearen baimena eskuratu beharko zutela aldez aurretik.
Hiria eta auzo-herriak
Gaur egun Bilboko auzoak diren batzuk herri independenteak izan ziren XIX. eta, are, XX. mendera arte. Begoña, Abando eta Deustu, esaterako, Bilboren auzo herriak izan ziren, hiritik kanpoko elizateak, euskaldunak eta nekazal girokoak. Bakoitzak bere jaiak eta erromeriak zituen, hirikoen oso bestelakoak. Bilbon kapelak ugari ziren bitartean, Deustun txapelak nagusi ziren. Buru gaineko janzkerak gauza asko adierazi zitzakeen: ideologia karlista edo liberala, hiritarra edo herritarra, jauntxoa edo behargina…